Jakin badakigu Youtube ia hondorik gabeko entretenimendu gune izugarria dela: bideoklip-ak, film laburrak, era guztietako bideo-muntaiak… denetarik aurki dezakegu bertan. Sarritan, ordea, ez dugu kontuan hartzen zer edo zer ikasteko edo gure burua aberasteko tokia ere izan daitekeela. Eta ikasturte hasierak zerbait berri ikasteko grina piztu badizu, horretarako propio sortutako Youtube-kateren bat bisita dezakezu. “Zerbait berri ikasteko 4 Youtube-kate” irakurtzen jarraitu
Errealitate birtuala eta helburu pedagogikoak
Errealitate birtualak beste mundu batean murgiltzeko aukera ematen digu, edo hala saltzen digute behintzat Google, Samsung edo Sony bezalako marka erraldoiek. Errealitate birtualari buruz hitz egiten dugunean, beharbada Oculus Rift izeneko gailua edo horren antzekoak datozkigu burura, gehienbat helburu ludikoetan erabilitakoak (bideojokoak).
Hala eta guztiz ere, teknologia berri hau ez da soilik jolasteko sortu, eta Javier Arranz euskal ingeniariak duela pare bat urte argi esan zuen bezala, errealitate birtualak irakaskuntzan ere berebiziko garrantzia du.
Horrela, gaur egun irakastea eta trebatzea xede duten aplikazio interesgarri asko aurki ditzakegu hainbat alorretan. Ildo horretatik, simulazio bidezko prestakuntza erabiltzen da ibilgailuak gidatzen irakasteko, aeronautikan edo medikuntzan (kirurgia simulazioak, psikoterapia…). Era berean, beste eremu askotan baliabide hauta da errealitate birtuala: domotika, arkitektura, hirigintza, oinarrizko ikerketa, meteorologia, astrofisika, kultura ondarea, museo ikustaldiak…
Medikuntzan, esaterako, zeresan handia izan du apirilean 14an Londresko NHS ospitaleak zuzenean transmititu zuen lehen ebakuntzak. Munduan lehenengo aldiz era horretara ikus zitekeen ebakuntzan, ikasleek 360 graduko ikuspegia erabil zezaketen.
Programen artean, nabarmentzekoa da giza gorputza barrutik arakatzea proposatzen digun The Body VR, asmo handiko proiektu berritzailea.
Erakunde publikoek zein pribatuek ere teknologia hau gogo handiz hartu dutela dirudi. Esate baterako, joan den abuztuan Britainiar Museoko bisitariei Brontze Aroa inoiz baino gertuagotik ezagutzeko proposatu zien. Erakusketa berezi honetan, bisitariek 3D teknologiaren bidez berreraikitako Brontze Aroko etxe batean sartu eta bertako lanabesak eta bestelako objektuak aztertzeko parada izan zuten.
Ez dugu hala ere hain urrunera joan beharrik errealitate birtualak museoetan izan duen harrera ona frogatzeko: pasa den apirilean Eureka! Zientzia Museoak ere Altamirako kobazuloak ikusteko aukera eman zigun… museotik bertatik atera beharrik gabe, jakina.
Beraz, nabaria eta begi bistakoa da errealitate birtualak irakaskuntzan ere aplikazio asko eta askotarikoak izan ditzakeela.
Saihestu beharreko lau akats zure marka irudi bidez komunikatzerakoan
Webean irudia nagusi da eta irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, zure marka pertsonala modu eraginkorrez helarazteko ekidin beharreko oinarrizko lau akats erakutsiko dizkizugu hemen.
- Internetera argazki bat (logoa, profileko argazkia, etab.) igotzerakoan, pantailan bistaratzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituela ziurtatu behar duzu: 72 DPIko (pixel hazbete bakoitzeko) bereizmena eta RGB kolore profila.
- Gaur egun, sare sozialetan presentzia izatea ia sine qua non baldintza da zure marka ezagutarazi eta begi bistakoagoa egiteko. Hori dela eta, garrantzi handikoa da sare sozialetako bakoitzak argazkietarako (lehen orrialde, profil, esteka eta abarretarako) ezartzen dituen neurriak kontuan hartzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea. Sare sozialek ezarritako tamainak ikusteko, ikus esteka hau.
- Bestalde, pantailako irudietarako gutxieneko bereizmena eta sare sozialen neurriak errespetatuagatik ere, dena alferrik izango da baldin eta irudiak desitxuratzen badituzu (luzera edo zabalera aldatuz), zeren eta aldaketa mota horiek ardura eta profesionaltasun eskaseko itxura ematen baitute. Hala beraz, irudi bat eskalatzeko orduan, oso garrantzitsua da era proportzionalean handitzea edo txikiagotzea.
- Logotipo bat sortzen baduzu, ziurta ezazu gaizki erabilia edo inbaditua izatea ezin gertatzea. Horretarako, gutxieneko babes espazio bat finka ezazu, halako eran non beste inolako irudirik gainjar ez dadin edo zure markatik hurbilegi gerta ez dadin.
Jakina, marka pertsonal bat sortzea Internetera irudiak igotzea baino askoz gehiago da. Marka bat hutsetik nola egin, kudeatu eta ahalik eta etekin gehiena ateratzen jakin nahi baduzu, Asmoz Fundazioaren Personal Branding ikastaroari begiradatxo bat ematen ahal diozu.
