Zerbait berri ikasteko 4 Youtube-kate

Asmoz - 4 Youtube-kate

Jakin badakigu Youtube ia hondorik gabeko entretenimendu gune izugarria dela: bideoklip-ak, film laburrak, era guztietako bideo-muntaiak… denetarik aurki dezakegu bertan. Sarritan, ordea, ez dugu kontuan hartzen zer edo zer ikasteko edo gure burua aberasteko tokia ere izan daitekeela. Eta ikasturte hasierak zerbait berri ikasteko grina piztu badizu, horretarako propio sortutako Youtube-kateren bat bisita dezakezu. “Zerbait berri ikasteko 4 Youtube-kate” irakurtzen jarraitu

Crowdfundinga

dirua dolar

Kultura-proiektu bat daukazu eta finantzazio-iturrien bila zabiltza? Orduan, mikromezenasgoaren formula (ingelesez, crowdfunding) gero eta indar handiagoa hartzen ari dela jakin behar duzu.

Wikipediaren arabera: “Mikromezenasgoa (ingelesez, crowdfunding) dirua edo bestelako baliabideak erdiesteko asmoz, taldean egiten duten lankidetza da. Internet erabili ohi da beste pertsona edo erakunde batzuen ahaleginak eta ekimenak finantzatzeko. Mikromezenasgoa helburu askotarako erabil daiteke, hala nola jarraitzaileen laguntza bilatzen duten artistentzat, kanpaina politikoetarako, zorren finantzaziorako, etxebizitzarako, eskoletarako, anbulatorioetarako, bai eta konpainia edo negozio txikien sorkuntzarako ere”.

Crowdfundingeko Espainiar Elkartearen esanetan, crowdfunding-aren bidez 62 milioi euro lortu zituzten espainiar proiektuak (2013an baino % 114-a gehiago) 2014an. 2012an, apenas, 10 milioi euro lortu ziren bide honetatik, 29 milioi euro 2013an.

Baina zeintzuk dira crowdfunding mota desberdinak?

  • Donation based – Dohaintza: inbertitzaileak, hau da, ideia finantzatzen duenak, dohaintza bat egiten du. Ez du ezer jasotzen haren truke. Crowdfunding mota hau proiektu sozial eta zibilekin lotuta dago.
  • Reward based – Saria: proiektu bat finantzatzen da dirua ez den beste sari baten truke. Esaterako, disko baten grabaketa finantzatu eta diskoaren kopia bat edo taldea sustatzeko materiala (kamisetak, posterrak…) jaso daitezke haren truke.
  • Social lending edo peer to peer lending (Crowdlending): partikularren arteko diru-mailegua, merkatuak eskaintzen dituenak baino prezio onuragarriagoetan.
  • Equity based: ordainsari gisa, enpresa berriaren kapitalean parte hartzen da.

Sarean inbertitzaileak bilatzeko sistema honek ez zuen lege zehatzik, Enpresa Finantzazioa Sustatzeko apirilaren 27ko 5/2015 Legea onartu zen arte. 5. Kapituluak, laburbilduz, ondokoak jasotzen ditu:

  1. Crowdlendinga, hau da, peer to peer maileguak, zeinetan inbertitzaile “partikularrak” kopuru txikiak mailegatzen dizkiete enpresei proiektuak egiteko. Kopuru hauek interesekin itzultzen dira, modu honetan, inbertitzailea eta enpresa-proiektuaren arteko harreman komertziala amaituz.
  2. Crowdfunding Equity: akzio mikromezenasgoa, hots, inbertitzaile txikiak, konpainiaren akzioetan proportzionalki parte-hartzea.
  3. Kultura arloan gehien erabiltzen den mota, aldiz, lege honetatik kanpo gelditu da: emari edo errekonpentsak oinarri duen crowdfundinga (inbertitzaileei gauzatan ordaintzen zaienean).

Beste alde, legeak, inbertitutako kopurua eta funtsaren arabera, inbertitzaile akreditatu eta ez-akreditatuak desberdintzen ditu, haien eginkizunak jasoz ere. Enpresek eta proiektuek jaso ditzaketen kopuruak ere arautzen ditu (finantza-erakunde tradizionalak merkatu-kuota galdu ez dezaten egina omen dagoela eta, asko kritikatu da legea), baita finantziazio-plataformak (enpresa edo proiektu eta inbertitzaile arteko bitartekariak) zehaztu; baina, esan bezala, Sari eta Dohaintza crowdfunding motak arautu gabe utzi dira.

 

Webgune desberdinetarako estekak uzten dizkizugu jarraian; bertan, finantziazioa lortzeko mugimendu hau ezagutzen hasteko beharrezko den informazioa aurkituko duzu:

Kultur-berrikuntza proiektuetarako crowdfundinga (Zertarako balio du benetan crowdfunding kanpaina bat egitea? Zerk suposatzen du kanpaina bat egitea eta nondik hasten naiz?) (espainieraz): http://www.colaborabora.org/2016/03/02/crowdfunding-para-proyectos-de-innovacion-cultural/#more-4967

Crowdfunding plataformen zerrenda sektoreka antolatuta (espainieraz): http://www.universocrowdfunding.com/principales-plataformas-crowdfunding/

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa

hizkuntzak

Badira hilabete batzuk Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren prestaketa lanak hasiak direla. Momentu honetan eta uztailera bitarte, berau osatzeko neurrien proposamenak biltzen dihardute. Ondoren, Batzorde Zientifikoaren ordua izango da azken dokumentua prestatzeko.

Honetan lanean dabil Kontseilua eta Unesco Etxea eta Donostia2016 erakundeen laguntzarekin, abendurako prest izango dute aurkezpena egiteko. Besteak beste, horretarako, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa antolatuko da abenduaren erdikaldean Donostiako Kursaal Jauregian. Bertan, ikerlari, erakunde eta espezialista desberdinak biltzeko asmoa dute eta Europako hizkuntza gutxituen garapenaz solasteaz gain, eurak biziberritu eta normalizatzeko aukera berriak nola sortu izango dute helburu.

Hamabost urteko ibilbidea duen Hizkuntza Plangintza Graduondokoan urteak dira Kontseiluko Paul Bilbaok Hizkuntza eskubideen inguruan ere ikasgaia lantzen duela eta horrela eskainiko du azaroan hasiera emango zaion hurrengo edizioan ere.

Finean, hizkuntza lanbide tresna duzuenok, zorionez ala zoritxarrez, Donostia Europako Kultur Hiriburuaz baliatzeko urtea duzue honako hau.

Sare sozialetan egotea beharrezkoa al da?

sare sozialak

Sare sozialen joko-zelaia asko aldatu da azken urteetan eta korapilatzen ari da kontua. Aditu batzuen ustez, gero eta zailagoa da marketing-a sare sozialetan egitea. Kultur arloko elkarte, erakunde eta egitasmo asko sarean daude eta sare sozialak erabiltzen dituzte. Baina, zergatik daude sare sozialetan? Ondo erabiltzen al dituzte? Zer espero dute jarraitzaileengatik? Eta jarraitzaileek markarengatik? Kultur arloko profesionalengan pentsatuz, Asmozentzat garrantzitsua da komunikazioarengaia eta zentzu horretan hainbat ikastaro-proposamen dauzkagu 2016/2017 ikasturterako.

 

IAB (Interactive Advertising Bureau) erakundeak egindako sare sozialen inguruko azken azterketatik datu eta joera batzuk nabarmendu nahi ditugu gaurkoan, zuentzat interesgarri izan daitezkeelakoan. Ageriko datuak izan daitezke batzuentzat, baina marka ugarik kontuan hartzen ez dituztenak oraindik euren estrategiak diseinatzeko garaian. Honatx azpimarratu nahi izan ditugun datuak:

 

  • Marka bat sare sozialetan jarraitzen hasteko arrazoi nagusiak dira informatuta egoteko nahia (%47), markarekiko identifikazioa (%36) eta onuraren bat jasotzeko asmoa (zozketak/ beherapenak). Joera horiek azken bi urtetan mantendu egin dira.

 

  • Marka bat jarraitzen segitzeko arrazoiak, berriz, ondokoak dira: eduki interesagarriak eta kalitatezkoak plazaratzea eta gaur egungo gaiak eskaintzea eta lantzea. Bezeroaren Arreta Zerbitzu onagatik ere marka baten jarraitzaile izateko joera handitu egin da, azterketaren arabera.

 

  • Facebook da marka bat jarraitzeko gehien erabiltzen den sare soziala (%81), Twitter ondoren (%25) eta Instagram atzetik (%11).

 

  • Kultura, teknologia eta moda esparruak dira erabiltzaileek gehien jarraitzen dituztenak. Emakumeek gehien kultura eta moda, eta gizonezkoek, berriz, teknologia.

 

  • Azterketan parte hartu duten %31entzat marka bat sare sozialetan baldin badago, harekiko konfiantza handitu egiten da. Gazteak dira batez ere hori pentsatzen dutenak. %65ak, aldiz, uste du marka bat sare sozialetan egon edo ez, hori ez dela konfiantzarako erabakigarria.

Errealitate birtuala eta helburu pedagogikoak

errealitate birtuala

Errealitate birtualak beste mundu batean murgiltzeko aukera ematen digu, edo hala saltzen digute behintzat Google, Samsung edo Sony bezalako marka erraldoiek. Errealitate birtualari buruz hitz egiten dugunean, beharbada Oculus Rift izeneko gailua edo horren antzekoak datozkigu burura, gehienbat helburu ludikoetan erabilitakoak (bideojokoak).

Hala eta guztiz ere, teknologia berri hau ez da soilik jolasteko sortu, eta Javier Arranz euskal ingeniariak duela pare bat urte argi esan zuen bezala, errealitate birtualak irakaskuntzan ere berebiziko garrantzia du.

Horrela, gaur egun irakastea eta trebatzea xede duten aplikazio interesgarri asko aurki ditzakegu hainbat alorretan. Ildo horretatik, simulazio bidezko prestakuntza erabiltzen da ibilgailuak gidatzen irakasteko, aeronautikan edo medikuntzan (kirurgia simulazioak, psikoterapia…). Era berean, beste eremu askotan baliabide hauta da errealitate birtuala: domotika, arkitektura, hirigintza, oinarrizko ikerketa, meteorologia, astrofisika, kultura ondarea, museo ikustaldiak…

Medikuntzan, esaterako, zeresan handia izan du apirilean 14an Londresko NHS ospitaleak zuzenean transmititu zuen lehen ebakuntzak. Munduan lehenengo aldiz era horretara ikus zitekeen ebakuntzan, ikasleek 360 graduko ikuspegia erabil zezaketen.

Programen artean, nabarmentzekoa da giza gorputza barrutik arakatzea proposatzen digun The Body VR, asmo handiko proiektu berritzailea.

Erakunde publikoek zein pribatuek ere teknologia hau gogo handiz hartu dutela dirudi. Esate baterako, joan den abuztuan Britainiar Museoko bisitariei Brontze Aroa inoiz baino gertuagotik ezagutzeko proposatu zien. Erakusketa berezi honetan, bisitariek 3D teknologiaren bidez berreraikitako Brontze Aroko etxe batean sartu eta bertako lanabesak eta bestelako objektuak aztertzeko parada izan zuten.

Ez dugu hala ere hain urrunera joan beharrik errealitate birtualak museoetan izan duen harrera ona frogatzeko: pasa den apirilean Eureka! Zientzia Museoak ere Altamirako kobazuloak ikusteko aukera eman zigun… museotik bertatik atera beharrik gabe, jakina.

Beraz, nabaria eta begi bistakoa da errealitate birtualak irakaskuntzan ere aplikazio asko eta askotarikoak izan ditzakeela.