Webean irudia nagusi da eta irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, zure marka pertsonala modu eraginkorrez helarazteko ekidin beharreko oinarrizko lau akats erakutsiko dizkizugu hemen.
- Internetera argazki bat (logoa, profileko argazkia, etab.) igotzerakoan, pantailan bistaratzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituela ziurtatu behar duzu: 72 DPIko (pixel hazbete bakoitzeko) bereizmena eta RGB kolore profila.
- Gaur egun, sare sozialetan presentzia izatea ia sine qua non baldintza da zure marka ezagutarazi eta begi bistakoagoa egiteko. Hori dela eta, garrantzi handikoa da sare sozialetako bakoitzak argazkietarako (lehen orrialde, profil, esteka eta abarretarako) ezartzen dituen neurriak kontuan hartzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea. Sare sozialek ezarritako tamainak ikusteko, ikus esteka hau.
- Bestalde, pantailako irudietarako gutxieneko bereizmena eta sare sozialen neurriak errespetatuagatik ere, dena alferrik izango da baldin eta irudiak desitxuratzen badituzu (luzera edo zabalera aldatuz), zeren eta aldaketa mota horiek ardura eta profesionaltasun eskaseko itxura ematen baitute. Hala beraz, irudi bat eskalatzeko orduan, oso garrantzitsua da era proportzionalean handitzea edo txikiagotzea.
- Logotipo bat sortzen baduzu, ziurta ezazu gaizki erabilia edo inbaditua izatea ezin gertatzea. Horretarako, gutxieneko babes espazio bat finka ezazu, halako eran non beste inolako irudirik gainjar ez dadin edo zure markatik hurbilegi gerta ez dadin.
Jakina, marka pertsonal bat sortzea Internetera irudiak igotzea baino askoz gehiago da. Marka bat hutsetik nola egin, kudeatu eta ahalik eta etekin gehiena ateratzen jakin nahi baduzu, Asmoz Fundazioaren Personal Branding ikastaroari begiradatxo bat ematen ahal diozu.
