Errealitate birtuala eta helburu pedagogikoak

errealitate birtuala

Errealitate birtualak beste mundu batean murgiltzeko aukera ematen digu, edo hala saltzen digute behintzat Google, Samsung edo Sony bezalako marka erraldoiek. Errealitate birtualari buruz hitz egiten dugunean, beharbada Oculus Rift izeneko gailua edo horren antzekoak datozkigu burura, gehienbat helburu ludikoetan erabilitakoak (bideojokoak).

Hala eta guztiz ere, teknologia berri hau ez da soilik jolasteko sortu, eta Javier Arranz euskal ingeniariak duela pare bat urte argi esan zuen bezala, errealitate birtualak irakaskuntzan ere berebiziko garrantzia du.

Horrela, gaur egun irakastea eta trebatzea xede duten aplikazio interesgarri asko aurki ditzakegu hainbat alorretan. Ildo horretatik, simulazio bidezko prestakuntza erabiltzen da ibilgailuak gidatzen irakasteko, aeronautikan edo medikuntzan (kirurgia simulazioak, psikoterapia…). Era berean, beste eremu askotan baliabide hauta da errealitate birtuala: domotika, arkitektura, hirigintza, oinarrizko ikerketa, meteorologia, astrofisika, kultura ondarea, museo ikustaldiak…

Medikuntzan, esaterako, zeresan handia izan du apirilean 14an Londresko NHS ospitaleak zuzenean transmititu zuen lehen ebakuntzak. Munduan lehenengo aldiz era horretara ikus zitekeen ebakuntzan, ikasleek 360 graduko ikuspegia erabil zezaketen.

Programen artean, nabarmentzekoa da giza gorputza barrutik arakatzea proposatzen digun The Body VR, asmo handiko proiektu berritzailea.

Erakunde publikoek zein pribatuek ere teknologia hau gogo handiz hartu dutela dirudi. Esate baterako, joan den abuztuan Britainiar Museoko bisitariei Brontze Aroa inoiz baino gertuagotik ezagutzeko proposatu zien. Erakusketa berezi honetan, bisitariek 3D teknologiaren bidez berreraikitako Brontze Aroko etxe batean sartu eta bertako lanabesak eta bestelako objektuak aztertzeko parada izan zuten.

Ez dugu hala ere hain urrunera joan beharrik errealitate birtualak museoetan izan duen harrera ona frogatzeko: pasa den apirilean Eureka! Zientzia Museoak ere Altamirako kobazuloak ikusteko aukera eman zigun… museotik bertatik atera beharrik gabe, jakina.

Beraz, nabaria eta begi bistakoa da errealitate birtualak irakaskuntzan ere aplikazio asko eta askotarikoak izan ditzakeela.