Sare sozialetan egotea beharrezkoa al da?

sare sozialak

Sare sozialen joko-zelaia asko aldatu da azken urteetan eta korapilatzen ari da kontua. Aditu batzuen ustez, gero eta zailagoa da marketing-a sare sozialetan egitea. Kultur arloko elkarte, erakunde eta egitasmo asko sarean daude eta sare sozialak erabiltzen dituzte. Baina, zergatik daude sare sozialetan? Ondo erabiltzen al dituzte? Zer espero dute jarraitzaileengatik? Eta jarraitzaileek markarengatik? Kultur arloko profesionalengan pentsatuz, Asmozentzat garrantzitsua da komunikazioarengaia eta zentzu horretan hainbat ikastaro-proposamen dauzkagu 2016/2017 ikasturterako.

 

IAB (Interactive Advertising Bureau) erakundeak egindako sare sozialen inguruko azken azterketatik datu eta joera batzuk nabarmendu nahi ditugu gaurkoan, zuentzat interesgarri izan daitezkeelakoan. Ageriko datuak izan daitezke batzuentzat, baina marka ugarik kontuan hartzen ez dituztenak oraindik euren estrategiak diseinatzeko garaian. Honatx azpimarratu nahi izan ditugun datuak:

 

  • Marka bat sare sozialetan jarraitzen hasteko arrazoi nagusiak dira informatuta egoteko nahia (%47), markarekiko identifikazioa (%36) eta onuraren bat jasotzeko asmoa (zozketak/ beherapenak). Joera horiek azken bi urtetan mantendu egin dira.

 

  • Marka bat jarraitzen segitzeko arrazoiak, berriz, ondokoak dira: eduki interesagarriak eta kalitatezkoak plazaratzea eta gaur egungo gaiak eskaintzea eta lantzea. Bezeroaren Arreta Zerbitzu onagatik ere marka baten jarraitzaile izateko joera handitu egin da, azterketaren arabera.

 

  • Facebook da marka bat jarraitzeko gehien erabiltzen den sare soziala (%81), Twitter ondoren (%25) eta Instagram atzetik (%11).

 

  • Kultura, teknologia eta moda esparruak dira erabiltzaileek gehien jarraitzen dituztenak. Emakumeek gehien kultura eta moda, eta gizonezkoek, berriz, teknologia.

 

  • Azterketan parte hartu duten %31entzat marka bat sare sozialetan baldin badago, harekiko konfiantza handitu egiten da. Gazteak dira batez ere hori pentsatzen dutenak. %65ak, aldiz, uste du marka bat sare sozialetan egon edo ez, hori ez dela konfiantzarako erabakigarria.